XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kanpoan geratzen dira baita ere izen propioak eta zenbakizkoak, multzo guztiz bereziak bait dira: ez dituzte oposizio lexikoak osatzen.

Egitura lexiko delakoaz, hiztegi edo lexikoaren itxuratze semantikoa ulertzen da.

Askotan azpimarratu da, nahiz eta edukinaren edo edukin lexikoaren deskribapena posible dela onartu (ikusi dugunez, badira posibilitate hori ukatzen dutenak), itxuratze horren deskribapen sistematikoa, homogenoa eta kontraesanik gabekoa oso zaila dela, ezinezkoa ez esateagatik.

Horrela, esan ohi da erlazio lexikoak oso konplexuak direla, subjektibotasunaren indarra handia dela erlazio horietan, hiztegiaren eraikuntza sarritan desberdina pertsona desberdinentzat nahiz eta hizkuntza berberan mintzatu.

Azken finean, esan daiteke hitz bakoitzak esanahi berezia duela hiztun desberdinentzat (6). Horrela, lehenago aipaturiko berezkuntza (okela/haragia) ez dugu euskaldun guztion egiten. Zer esanik ez, adibidez, indar emotibo handiko hitzak hartzen baditugu: pakea, askatasuna, maitasuna...

Arazo horiek hor daude; baina, aldeak alde, eta alderdi kuantitatiboa alde batetara utziz, erlazio gramatikalak eta fonologikoak ere oso konplexuak direla onartu behar da; eta, batez ere, fonema eta morfemen erabilera jakinetan gertatzen diren aldaerak hitz baten adierak bezain ugariak izan litezkeela.

Bestalde, hiztegiaren ugaritasuna hitz baten adierak handia bada ere, elkarren arteko ulerpena ematen dela aitortu behar da, baita oso hiztun talde zabaletan ere.

Horrela, pentsa liteke egitura lexiko horretan badirela egitura primarioak orokorrak eta egitura sekundarioak bereziak.

Hasiera-hasieratik, eta azterketari ekin aurretik, hainbat berezkuntza egin behar da: 1) gauzak eta mintzaira; 2) sinkronia eta diakronia; 3) berbaldiaren teknika eta berbaldi errepikatua; 4) hizkuntzaren arkitektura eta egitura; 5) hizkuntzaren araua eta sistema; 6) esanahi erlazioak eta izendapen erlazioak.

3.2.1. Gauzak eta mintzaira

Mintzaira eta errealitatea berezteak erraza dirudi teorian; ikusi dugunez ordea, praktikan zaila gertatzen da maiz, funtzio lexiko eta lexemek izendaturiko errealitatearen hurbiltasunagatik. Erne egon beharra dago beraz erlazio linguistikoak eta errealitatekoak berezteko. Arazoak hainbat barrutitan nabarmentzen dira.

a) Terminologiak

Esan dugunez, terminologiek eta beren egitura lexikoek leku berezia dute mintzairan. Errealitatearen (edo errealitatearen zatien) sailkapen bereziak eta autonomoak printzipioz burutzeko mintzairaren erabilerak dira. Sarritan, terminologiak ez daude egituratuak izendegi soilak dira edo egituratzea kasuan kasuko zientzia edo teknikari zor zaio. Behin baino gehiagotan aztertu dira egituratze terminologikoak eremu lexiko gisa.